Instituzioen babes falta
Zumarragako Arcelorren gatazka ez da gaur amaituko, sindikatuek enpresari salaketa jarriko diotelako datorren astean —abuztu hasieran agortzen da salaketa hartzeko 20 eguneko epea; uztailaren 11n amaitu ziren negozia- zioak, eta orduan jarri zen martxan atzerako kontua—. Batetik, kalte-ordain handiagoak eskatzeko joko dute auzitara; bestetik, lekualdatzean lan baldintzak nabarmen okertzea legez kanpokoa dela uste dutelako, euren lan ituna apurtzen duelakoan.
«Guk enpresari esan genion adostu egin nahi genituela lekualdatzeen baldintzak, txorakeria bat zela auzitara jotzea. Epai batek emango diguna zergatik ez dugu mahai batean negoziatuko?», azaldu du langile batzordeko iturri batek. Sindikatuek uste dute enpresaren estrategia izan dela beharginak enpresa uztera bultzatzea; baina behin hori lortutakoan, zuzendaritzak tartea dauka epaiketa aurretik lekualdatzeen gaineko adostasun batera iristeko, salaketa kentzearen truke. «Xantaia hau beharrezkoa zuten, langileak kikildu eta enpresa uzteko».