Herrikideko VIII. Bizikidetza ekitaldia

Urtarrilaren 29an antolatu du Herrikide ikastetxeak Bizikidetza Ekitaldia. Aurtengoa zortzigarrena izan da. Giza Eskubideen Asteko ekintza esanguratsua izan dugu. Goiz berezia izan zen, emozioak pil-pilean, bizipen eta esperientzia ugari norbere motxilatxoan gordetzeko. 

 

 

Urtero antolatzen badugu ere, beti izaten da sorpresatxoren bat. Ekitaldia, DBHko ikasleen antzerki taldeak prestatu eta antzeztu zuen antzezlanarekin hasi zen. Esan bezala, ikasleek Elena Aranbarri irakaslearen gidaritzapean landu eta prestatu zuten antzezlana hasieratik bukaera arte. Bertan izan ginenok txunditurik gelditu ginen. Inklusioa, aniztasuna eta dibertsitatea, elkarbizitza, errespetuzko tratua… gai potoloak egunaren hasieran barrenak mugituz. 

 

Pello Agirrezabalek aurkezle lanak bikain egin zituen. Bertaratutakoei harrera egin eta guztion presentzia bihotzez eskertu ondoren, iaz Valentziako unibertsitateko eta Madrilgo UDIMA unibertsitateko ikerlariekin elkarlanean eginiko ikerketaren emaitzak aurkeztu zituen. Izan ere, hezkuntzaren kalitatea hobetu nahi badugu, garrantzitsua iruditzen zaigu egiten dugun lanaren ebidentzia zientifikoak izatea, ez geratzea uste hutsean. Horretarako, praxia eta ikerketa bultzatu behar ditugu. Herrikiden aspaldidanik konpetentzia sozioemozionalak garatzeko martxan daukagun programak Lehen Hezkuntzako ikasleengan eraginik bazuen edo ez aztertu nahi zian genuen, ea erlaziorik zeukan arlo honek errendimendu akademikoarekin, ea alderik zegoen generoaren arabera… Ikerketaren berri ematen duen txostenean garbi azaltzen da lanketa horren ekarpen positiboa ikasleen sozializazioa errazten baitu, errendimendu akademikoa hobetu….

Ondoren, ekitaldira gonbidatutako zenbait pertsonaren txanda izan zen. Hiruna minutu izan zituzten bizikidetzak, gatazken kudeaketak euren lan munduan duen garrantzia azaltzeko. Gure ikasleek ezin hobeto neurtu zieten denbora eta sintesi lan ederrak egin zuten den-denek.

 

Silvia Garrues abokatua izan genuen lehena gatazkak bideratzeko bitartekaritzaz duen esperientzia azaltzen. estatu Batuetan dozena bat urtez aritu ondoren, Tolosan dabil gaur egun bide hori sustatzen. Olatz Amonarriz-ek, enpresa munduan giza baliabideetako arduraduna izanik, egunero izaten omen du norbait zera esaten diona: “Olatz, razo bat daukat”. Entzute aktiboaren garrantzia azpimarratu zuen. Mertxe Amianok Garagunetik, inklusioa eta aniztasunaren balorea aipatu zizkigun. Herrikideko ikasleek Goienetxe Fundazioko pertsonekin batera egiten duten lan zoragarria eskertu zuen.   Sebas Gartziarenak Osakidetzan lan egiten duenez, haurrak artatzerakoan hurbiltasuna, enpatia, arlo emozionala kontuan hartu beharra azpimarratu zuen. Ainhoa Gomez-ek urtetan GKE batean etorkinekin lan itzela egin ondoren, Txilen izan berria da eta hango egoera gatazkatsua gogoratze hutsarekin hunkituta, gu ere hunkitu gintuen. Zein baino zein esperientzia kitzikagarriagoak .

 

Jarraian, berriro ere Pelloren txanda. Bitartekariei ematen zaien formazioan erabiltzen diren zenbait irudi proiektatu zituen. Irudi horien bidez azaltzen dizkiegu gatazken zenbait motibo: estimulu berberaren aurrean pertsona bakoitzaren pertzepzio desberdinak, egoera berberaren aurrrean posizio edo rol desberdina izatea, erreferentzia, aurreiritzi edo estereotipoen eragina…Atal hau bukatzeko, gatazkak eraldatzeko bitartekarien lana hobeto ulertzeko bitartekaritza saio baten role playing-a ikusi genuen bideoan.  Eta hortik World Kaferako tartea. 8 taldetan banatuta ikasle bitartekariak, DBHko ikasle laguntzaileak, 4. DBHko ziberkideak, esparru desberdinetako gonbidatuak, familiak, hezitzaileak elkarrizketa interesgarria bezain aberatsa partekatu zuten. Denok galdetu, entzun eta hitz egiteko tarte polita.

 

Iritsi zen orduan ikasleek bitartekari, laguntzaile edo ziberkide izateko jaso duten formazioa egiaztatzen duen diplomen banaketa. Ondo merezitako txaloak jasota, betirako gordeko duten esperientzia eramango dute motxilara. Ziur, erantzunkizun osoz beteko dutela euren eginkizuna.

 

Eguerdia gerturatzen ari zen, eta hainbeste itxoiten ari ziren hamaiketakoa iritsi baino lehen, denek goizeko saio honetan bizi izandakoaren inguruan hitz, esaldi edo titular bat idazteko aukera izan zuten. Titular horiek lanean jarraitzeko gasolina bilakatu zaizkigu iritzi positiboak eta balorazio ezin hobeak izan baitziren. Denon artean eskolako heziketa proiektua sendotuko dugu. 

Eskerrik asko horrelako ekintzak posible egiteagatik!

#ametsaeraikitzen