Eskolako Agenda 30 ikastetxearen iraunkortasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa bat da. Komunitatearen partaidetzan oinarritzen da, eta udalerriko garapen iraunkorrean esku hartu eta laguntzen du. Aurrera eramateko beharrezkoa da antolakuntza berezi bat. Arduradun eta egitura hauek ezinbestekoak dira:
- Koordinatzaileak proiektua martxan ipintzen du eta jarraipenaren ardura nagusia du.
- Talde sustatzailea irakasleek eta zuzendaritzaren ordezkariak osatzen dute. Bere zeregin nagusiak eguneroko dinamizazioa eta antolakuntza dira.
- Geletako Eko-ordezkariak.
- Ingurumen Batzordea ikastetxean hezkuntza-komunitateak parte hartzeko organoa da, eta estamentu guztien ordezkariek osatzen dute.
Eskolako Agenda 30 gai edo arazo baten inguruan garatzen da, eta, horretarako, programaren helburuak ditu oinarri eta erreferentzia. Lantzen diren gaien artean hauexek aipa daitezke: biodibertsitatea, klima-aldaketa, ura, hondakinak, energia, kontsumo-ohiturak, kalean bizi, aztarna ekologikoa, garraioa eta mugikortasuna…
Gaiaren garapena hiru ardatz edo esparru hauen inguruan egiten da:
- Hezkuntza-komunitatearen partaidetza.
- Kudeaketa iraunkorra.
- Eskolako curriculum-berrikuntza.