Eskolapioen konpromisoa

Konpromiso hori sinatzen dugun pertsonek eta taldeek ahaleginak egiten ditugu haurrak eta gazteak zaintzeko, hezteko eta haiei laguntzeko, oso txikitatik helduarora arte. Gurasoak, erlijioso eskolapioak, eskolapio laikoak, irakasleak, administrazio eta zerbitzuko langileak, begiraleak, entrenatzaileak eta gainerako boluntarioak, pertsona baten bizitzan gertatzen den prozesurik delikatu eta garrantzitsuenaren lekuko eta partaide gara. Gure erantzukizuna eta exijentzia ere maximoak izan behar direla jakinik, berretsi egin nahi dugu gure konpromisoa, gure esku utzi ditugun haur eta gazteen tratu onaren, ongizatearen eta ongi haztearen alde.

Lehenik eta behin, entzuteko, hitz egiteko, prebenitzeko eta zaintzeko jarrera izango dugu uneoro. Isiluneei eta seinaleei bereziki adi egongo gara, horien bidez, hitz egin gabe ere, haurrek eta gazteek askotan abisatzen eta ohartarazten baitigute. Era berean, oso sentikorrak izango gara beraien ohar eta kezkekiko, lehen begiratuan oso hutsalak iruditzen bazaizkigu ere.

Ziur gaude haur eta gazteek dituzten eta gure ikasleen gaitasun-profilean jasota dauden potentzialtasun guztiak erabat garatzeko behar diren baldintzak eta giroa bultzatzeak guztion ahalegin partekatua eskatzen duela. Hori dela eta, familien eta ikastetxearen arteko komunikazio-bideak indartzeko konpromisoa hartzen dugu, gertatzen zaien gauza on oro ospatu ahal izan dezagun, zailtasunak partekatu, aurrerapenekin poztu, eta premiarik ez dadin geratu behar bezala erantzun gabe.

Era berean, adin eta testuinguru bakoitzari egokitutako hezkuntza-estilo hurbil batekin konprometituta egongo gara beti, elkarrizketa eta zuzentasuna ahalbidetzeko moduan, betiere guztion osotasun fisiko, moral, emozional eta espirituala errespetatuz. Une oro, lehentasuna emango zaio garapen eta hazkunde pertsonalari, batez ere egoera ahulenean dagoenari edo prozesuan zailtasun handienak dituenari.

Ez dugu inoiz onartuko gure artean pertsona guztien duintasun berdina mespretxatzen duten jarrera edo jokabiderik, haien adina, generoa, aukera pertsonalak edo gizarte-egoera edozein izanda ere. Nolanahi ere, konpromiso hori hartzen dugunok bereziki jeloskorrak eta sendoak izango gara haurrek eta gazteek haurtzaroa eta bizitza zoriontsua, segurua eta osoa izateko duten eskubidea babesteko eta bermatzeko.

Planteamendu horrekin bat etorriz, konpromisoa hartzen dugu konpromiso hori traizionatu duten edo traizionatzen duten gertaerez eta jarrerez, baita iraganaz ere, hitz ematen diguten ahots guztiak entzuteko eta artatzeko.

Horretarako, komunikaziorako eta harremanetarako ohiko bideez gain, helbide elektroniko hau, conocerlaverdad@escolapiosemaus.org, gaitu egiten dugu, egoki iritzitako testigantzak bideratu ahal izateko, sentsibilitatea, errespetua eta konfidentzialtasuna bermatuta. Eskura ditugun baliabide guztiekin erantzungo diegu, baita hemen adierazitako planteamenduekin bateraezinak eta aurkakoak izateaz gain, delitu izan daitezkeen egitateak eta jarrerak fiskaltzari helaraztea ere.

Konpromiso hori publiko egiten dugu, sinatzen dugun pertsona eta talde guztiek eska dezaketen berme gisa, gure ikastetxeak leku seguruak eta egokiak izan daitezen gure haurren eta gazteen garapen, hazkunde, ikaskuntza eta zoriontasun osorako.

Emaus Eskolapioen Kongregazio Probintziala

Elkargoen Probintzia Idazkaritza