KIDE

“Herrikide ikastetxea oraintxe 20 urte hasi zen curriculumean era sistematiko eta sekuentziatuan konpetentzia sozioemozionalak lantzen eta garatzen. Horretarako, hezitzaileen prestakuntzarekin hasi, ikasleekin programa sendoa landu, familien interesa pizturik formazio, ekintza eta tailer eskaini ditugu eta hezkuntza/gizarte esparruan eraldatzen dihardugu.

Pertsona erdigunean jarri eta heziketa integrala izan dadin nahi badugu, barne dimentsioa (arlo intrapertsonala) zein pertsonen arteko erlazioa edo kanpo dimentsioa landu behar ezinbestean. Giza harremanen esparruan, elkarlana eta kolaborazioa, laguntza, eta abar bizitzeko aukera izango dugu, ziur. Baita gatazka txiki edo handiagoak ere. Gure bizitzatik ezin izango ditugunez ezabatu edo desagertarazi, gatazka era baketsuan eraldatu eta kudeatzeko estrategiak garatzen ahalegintzen gara.

Helburu honen garrantziaz oharturik, KIDE (Kidetasunerako Dinamikak Eskolan) izeneko Bizikidetza proiektua eratu dugu. Txikitatik hasi eta programa desberdinak martxan ditugu: adostokiak, bitartekaritza zerbitzua, ikasle laguntzaile-bitartekariak, ziberkideak… Esperientzia honek guztiak ikasleei egiten dien ekarpena ezagutu nahian Unibertsitatearekin elkarlanean ikerketa zientifikoak ere burutu ahal izan ditugu. Lehena LHn 1. mailatik 6. maila arte konpetentzia sozioemozionalak garatzeko programaren eraginkortasuna neurtu zuen. Bigarrenean, LHko 5. mailan gatazken kudeaketaren inguruko formazioa jasotzeak eragina ote zuen ikertu genuen. Bietan emaitzek argi erakutsi zuten arlo emozionala lantzeari esker, gelako/eskolako giroa lasaiagoa eta, goxoagoa dela eta honek eskola errendimendua bera ere hobetu egiten duela. Beraz, proiektu hau buru osasuna sustatu eta suizidioa edo eskola jazarpena prebenitzeko oso aproposa izanik, arlo akademikoan emaitza hobeak lortzen ere lagungarri suertatu da. .

Herrikiden lan egiten dugu ikasle autonomo, konprometitu eta sortzaileak garatzeko eta aurrerantzean ere bide honetatik ametsa eraikitzen jarraituko dugu”