Urtarrialren 15 eta 16rako antolatu genituen ekintzak gauzatuta jada.
Ostiral goizean Gainberriko Haurreskola eta HHko etapa bisitatu genituen horretarako izena eman zuten profesionalekin. 9:00etan hasi eta 12:30ak arte gelditu ere egin gabe ibili ginen batetik bestera eskolan lan egiteko dugun ereduaren atal gehienak ikusteko aukera izan zezaten. Orduan, denok liburutegian bildu eta kafetxo batekin lasaitasunez komentatu ahal izan genuen gure ereduaren nondik norakoa, oinarriak, proiektuaren atal nagusiak, materialak (argitaletxeetakoak eta sortzen ditugunak eskolan)… hori guztia aurrera eraman ahal izateko antolaketa eta funtzionamendua, lidergo mota barne. Zenbat galdera, komentario, eskaera… Eskola desberdinetako hezitzaileak izan ziren, Berritzegunekoak, Magisteritza bukatzen ari diren ikasleak… talde motibatu bezain atsegina.
Ostiral arratsaldean eta larunbatean egun osoz Bartzelonako Montserrat ikastetxeko Nuria Sánchez-en txanda izan zen. Nuriak Estimualzio Goiztiarrari buruzko 12 orduko formazioa eskaini zigun gai horretan ere aditu entzutetsua baitugu. Bostgarren aldia zuen gure artean, formazio zabala egina baitu gure irakasle taldeak berarekin. Baina oraingoan 0-6 urteko haurrak dituzten familiak gonbidatu genituen eta baita arlo horretan interesa izan zezakeen edozein profesional ere. Benetan pozgarria izan zen hainbeste pertsonak parte hartu nahi izanak. 30 bat familia eta 70etik gora profesionalek eman zuten izena jardunaldi honetan parte hartzeko. Pena bakarra, leku kontuagatik, zenbait ikastetxetatik partehartzaileen kopurua mugatu izan beharra. Oso pozgarria baita hezkuntza sare guztietako partaideak bildu izana, hau da, ikastetxe pulikoetakoak, eta itunpekoetakoak (ikastoletakoak zein Kristau Eskoletakoak) ikasleen heziketa hobetzea baitugu denok helburu.
12 orduak ederki asko aprobetxatutakoak izan ziren. Nuria Sanchez aditua ezezik, komunikatzaile bikaina ere bada, eta oraingo honetan ere partaideen balorazioak apartak izan ziren.
Horrez gain, 0-6etapan Hirukiden lan egiteko modua laburbiltzen duen bideo polit askoa lehen aldiz ikusteko aukera ere izan genuen. Eta bukatzeko, HEZIn (Hirukideko Estimulazio Zentro Integrala) 0-3 urteko haurrak dituzten familiei eskaintzen diegun formazioa eta arreta azaldu zuten arduradunetako bik, Amaia Blancok eta Itziar Balatsarrek.
Eta datorren urtean Nuriarekin beste formazioa bat egiteko egunak hitzartuta dauzkagu jada.